Etxebizitzaren egoera salatzeko kanpaldia egin du Ernaik Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 10:30

Euriari aurre eginez, plazan pasatu zuen gaua gazte kuadrilla batek apirilaren 30ean, Baztanen bizi nahi dutela aldarrikatuz

Baztango Ernaiko kideak Elizondoko plazan bildu ziren astearte arratsaldean, gazteen emantzipatzeko arazoa plazaratu eta salatzeko. Kanpin dendak muntatu ondotik batzarra egin zuten, eta Xabi Torres, udaleko zinegotzi izandakoa, etxebizitzaren egungo egoeraz eta turismoaren eraginaz solastatu zen. Parte hartzaileek gaia lantzeko eta irtenbideak irudikatzeko tartea ere izan zuten.

Afalondoan Bidenabar taldeak goxatu zuen gaua, eta euriak atsedenik eman ez bazuen ere, hainbat lagun gelditu ziren herriko plazan lo egiten. Biharamunean, maiatzaren 1ean, LABek deitutako manifestaziora joan ziren, gazteen aldarrikapenak Iruñeko karriketan plazaratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun