'Kirol guztiontzat' jardunaldia aurkeztu dute gaur Lekarozko campusean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 2a, 17:00

«Sentsibilizazio eta truke jardunaldia» izan da gaurkoa Lekarozko campusean, 'Kirol guztiontzat' foroa aurkeztu baitute hainbat eragilek

Malerreka Common Zerbitzuak eta Bi On Be elkarteek antolatu dute «kirolari, irisgarritasunari eta gizarteratzeari buruzko mugaz gaindiko topaketa», Ligue Sport Adapté Nouvelle Aquitaine erakundearekin eta NAEN Euroeskualdearen laguntzarekin. Kirola «gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonentzako eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako tresna gisa» hartzen du ekimenak.

Ixabel Elizalde Malerrekako proiektuen zuzendariak ireki du ekitaldia, eta bertan izan dira eskualdeko hainbat eragile; klubak, elkarteak, kolektiboak, udalerrietako ordezkariak…

Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko ordezkariak «Bi On Be proiektuaren bilakaera» azpimarratu du, «mundu guztiari kirola eta jarduera fisikoa errazteko». Igor Emeryk taldeko plataforma digitalaren funtzionamendua erakutsi du: «Bi On Be jarduera fisikoen eta kirol jardueren eskaintza mundu guztiaren eskura jartzen duen tresna da, modu arin eta funtzionalean».

Caroline Philips PIC Digitaleko zuzendariak eta Jean-Dominique Barberarena Olagarroa Sport Adapté elkarteko presidenteak ere parte hartu dute solasaldian, digitalizazioari eta inklusioari buruz.

Horrez gain, kirolarekin lotutako esperientziak aditzeko aukera izan da Andrea Mindegia judo txapeldun egokitu nafarraren eskutik eta Benito Menni zentroko Iñaki Gorrizen eskutik. Iruñeko espetxeko bi preso gizarteratzeko kirol programa ere aurkeztu dute.

Azkenik, Leire Landa Malerreka Common Zerbitzuak elkartearen inklusio lanaz aritu da, eta ADSIS Fundazioko zuzendariak, Isabel Vaquerok, egoera ahulean dauden pertsonei aukerak emateko martxan jarri dituzten dinamikak aurkeztu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun