JOSE IGNACIO MURUA

«Lesakako erdigune geografikoa Okurunbeko bidean dago, Zala auzoan»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 4a, 08:00

Jose Ignacio Murua, Lesakako erdigune geografiko egokia markatzen duen hodia erakusten, Zala auzoko Okurunbeko bidean.

Jose Ignacio MURUA ELIZONDO, topografo eta irakasle erretiratua

Topografoa eta irakaslea izan da lanbidez, eta orain, behin erretiratutakoan, herriz herri erdigune geografikoak kalkulatzen ditu. Lesakan ere markatu du erdigunea non dagoen.

Jose Ignacio Murua Elizondo (Errenteria, 1947) Lesakan bizi da azken urte honetan, ia bizitza osoa Pasai San Pedron eta zenbait urtez Sunbillan bizi ondotik. Ongi laketu du herrian eta zahar etxean musika jotzen edo laguntzen ikus dezakegu noiznahi, baita zenbait boluntario lanetan ere. Topografo jubilatuak Lesakako erdigune geografikoa non dagoen kalkulatu du, eta marka bat jarri du lurrean.

Gipuzkoako herri guztietako erdiguneak non dauden ere zehaztua du, baita herrialdeetako hiriburuetakoak ere. Gure inguruan Baztan, Doneztebe, Sunbilla edo Arantzakoak ere markatuak ditu. Afizioa Felix Isasari zor diola aipatu digu Muruak. Hark kalkulatu omen zuen Euskal Herriko erdigune geografikoa (Andia mendilerroan), baita Gipuzkoakoa ere (Bidania). «Lagun-minak ginen, eta hil zenean, handik denbora batera pentsatu nuen neuk ere kalkulu horiek egitea, herriz herri eta horretan nabil. Inguru honetan herri gehiagoetakoak ere kalkulatuak ditut, baina markatzea falta eta poliki-poliki osatzen joan nahi nuke. Norberak dakienaren zerbait utzi behar dio ondorengoei, joaten garenerako».

«Erdigune geografikoan herri bateko indar guztiak elkartzen dira»

Zertarako balio du Greenwich meridianoa edo Ekuatorea non dagoen zehazteak? Azken finean, mapa gaineko lerroak bertzerik ez dira, nolabait Lurra neurtu, mugatu edo zatitzen dutenak paper gainean. Herri bateko erdigune geografikoa non dagoen zehazteak ere ez du balio praktikorik, baina Muruaren ustez, «erdigune geografikoan herri bateko indar guztiak elkartzen dira, herriaren ardatza da, herriaren bihotza. Niretzat badu garrantzia herri batek jakitea non dagoen bere benetako erdigunea, eta beti pentsatu izan dut idazlea banintz puntu horretara joango nintzatekeela idaztera, eta han aurkeztuko nukeela liburua ere. Izan ere, puntu horrek leku guztiak ditu konpentsatuak. Hau da herri baten errotazio-ardatza».

Hori bai, hainbat herri eta hirietako erdigune geografikoak kalkulatuta, «bakar bat ere ez dut herrigunean kokatu», dio: «Arantzan, adibidez, Aientsa auzoan dago, Arantza hoteletik hurbil». Lesakan ere, ez pentsatu plaza inguruan dagoenik, «Zala auzoan dago, Otxotenea eta Otxuneko Borda baserrietatik hurbil, Okurunbeko bidean».

Jose Ignacio Murua, Lesakako erdigune geografikoa mapan kokatzen.

 

«Grabitate erdigunea»

Muruak azaldu digunez, erdigune geografikoa «grabitate erdigunea da, baina bolumenean izan beharrean, azaleran da, planimetrikoa da». Eta hori kalkulatzeko «herriaren mapa aurrean dugula, laukiak edo hirukiak bezalako figura erregularretan zatitzen da, eta ertz batean puntu zehatz bat markatzen da koordenada eta guzti, hortik abiatzeko». Ondoren hainbat biderketa, batuketa eta zatiketa egiten ditu, eta emaitza, erdigunea adierazten duten koordenatuak dira. GPSa hartzen du gero, koordenatuak lurrean kokatzeko. «Askotan lursail partikularretan daude, edo irisgarriak ez diren lekuetan… orduan inguruan markatzen ditugu». Izan ere, helburua ez da zehazki adieraztea herri bakoitzeko erdigunea non dagoen, baizik eta gutti goitibeheiti non dagoen jakinaraztea. Horixe gertatu da Lesakakoarekin, koordenatu zehatzak Okurunbeko bidearen beheitiko aldean baitaude, toki malkartsu batean. Horregatik goitixeago mugitu du erdigunea adierazten duen seinalea (erdigune egokia), bide bazterrera, guztientzat irisgarria den leku batera. Izan ere, «Lesakak 55 kilometro koadro ditu eta metro gutxi batzuen gorabeherak ez du garrantzirik».

«Erdigune geografikoa herriaren ardatza da»

Lesakako erdigune geografikoa latitudeko 43º 15’ 29,67” N eta longitudeko 1º 44’ 14,16” W koordenatuetan dago (Muruaren erranetan, «erabiliagoak» diren UTM koordenatuetan: 30. husoan, x=602.492, y= 4.790.267, z=230 m.) eta lurrean jarritako burdinezko hodi xume batek adierazten du leku zehatza. «Datu horiek jakinik, munduko edozein pertsona etor daiteke eta hona iritsi», dio.

Zenbait herritan, Oiartzunen eta Errenterian erraterako, berak jarritako hodi horretaz gain, udalek halako plaka edo oroitarria paratu dute erdigune geografikoan. Lesakan ere horrelako zerbait egitea gustatu litzaioke, «herritarrek jakin dezaten non dagoen, herritik oinez joateko ere txango polita da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun