Joseba Larratxe Berazadi

«Komikia bere lekua hartzen ari da gizartean eta oso pozgarria da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 5a, 09:00

Komikialdiaren barrenean, Berako lau ikastetxeetan komikigintzari buruzko ikastaroa ematen ibili da Joseba Larratxe Berazadi. Heldu den ortzegunean, hilaren 9an, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikia aurkeztuko du Beralandetan 18:30ean

Sortzez irundarra bada ere, harreman estua izan du betidanik Joseba Larratxe Berazadi Josevisky ilustratzaileak eta komikigileak Berarekin. Udalak antolatuta Komikialdia ospatzen ari dira herrian, eta eskolaz eskola aritu da haurrei eta nerabei komiki tailer bat ematen. «Pozik» da izandako harrerarekin, eta gogoz da ikasleek egindako lanak ikusteko.

Nolakoak izan dira ikastetxeetarako bisitak? 

90 minutuko saioak izan dira. Ikasleei erreminta batzuk eman dizkiet ulertu zezaten zein den komikiaren lengoaia eta komikiak zein erreminta erabiltzen dituen istorioak kontatzeko. Gauza horiek esplikatuta, komikia hasten laguntzen nien. Haurrek egiten duten komikitxoa kultur etxeko erakusketan erakutsiko denez, garrantzitsua zen denek formatu bera izatea. Horregatik nik eman nien haurrei hiru bineten plantilla bat eginda. Gaia libre utzi diet, eta erakusketan haurrek eta nerabeek duten imaginazioa ikusiko dugu. Oso interesgarria izango da hori. 

Zergatik aukeratu duzu hori formatu hori? 

Komikiak bere berezkoa daukana da sekuentzia. Komiki bat marraztearen eta sortzearen ariketan hiru binetako narrazio hori da sekuentzia baten ikuspuntutik istorio minimoa, hasiera bat, problema bat eta amaiera bat. Hiru kolpe horietan sortu dezakezu istorio txiki bat, txiste bat… Askotarako ematen du, nahiz eta oso formatu txikia izan. Komikiak egiten hasteko modu bat da oso oinarrizkoa, baina era berean aukera handiak ematen dituena. 

Nolakoa harrera izan dute ikastaroek?

Esango nuke ona izan dela bai ikasleen aldetik, bai hezitzaileen aldetik ere. Beti saiatzen naiz horrelako tailerretan ez bakarrik gelditzen ariketa hutsean, gustatzen zait ikasleei eredu bat ematea. Tamalez, oraindik marrazkilari edo komikilariona Euskal Herrian nahiko lanbide ezezaguna da. Gustatzen zait esplikatzea zein izan den nire ibilbidea marrazkilari gisa ulertu dezaten profesio bat dela, ez dela afizio bat. 

Harrera ona izan dutela aipatu duzu. 

Harrera ona esaten nuen nire marrazkiak erakusten hasten naizelako, eta gauza arina delako. Nik egindako lanak erakustea gustatzen zait, horiek proiektatzea, eta baita zuzenean marraztea ere. Galdetzen diet ea ezagutzen duten komikirik. Hasieran ez zaie pertsonaiarik bururatzen, baina, Tintin edo Spider-man marraztu eta denek ezagutzen dituzte. Marrazkilari bat zuzenean marrazten ikustea magia gisakoa izaten da haurrentzako eta helduentzako. Horrek engantxatzen ditu ikasleak eta irakasleak eta jokoan erraz sartzen dira. 

«Euskarazko 100 komiki argitaratzen dira urtean gaur egun»

Joseba Larratxe Berazadi

Eskola bakoitzean komikiz betetako maleta bat ere utzi duzu. Zer harrera izan dute? 

Ideia polita izan da. Berako liburutegiarekin batera, komiki katalogo mardul bat osatu dute eta egin dute aukeraketa bat tailer bakoitza ematera joan naizen adin egokirako. Tailerra ematen nuen bitartean erabiltzen nituen maletako komikiak adibide bezala, esateko zer barietate dagoen, autore eta formatu aldetik. Beraien komikia egiten hastean mahai gainean izaten zituzten ereduak gisa erabiltzeko. 

Haurrek komikigintzaren ezagutza badutela nabaritu duzu? 

Ba, esango nuke nahiko urruti gelditzen zaiela orokorrean, nahiz eta denek irakurri duten baten bat. Ez da zaletasun bat oso orokortua. Hala ere, esango nuke azkeneko urteetan, nola gero eta euskal marrazkilari gehiago ateratzen ari garen badela interes bat geroz eta gehiago zabaltzen ari dena. Horren erakusgarri da Komikialdia bera, udala animatu izana komikiari espazio bat ematea bere agendan, eta hori zerbaiten seinalea bada. Esango nuke ari dela komikia gure gizartean bere lekua hartzen eta hori oso pozgarria da. 

Garrantzitsuak dira beraz Berakoa bezalako ekimenek?

Bai, dudarik gabe, niretzako eta sektore osoarentzako. Ez gara asko, baina bagara taldetxo bat eta horrelako ekimenek ematen digute arnasa eta ematen digute tartea lan egiteko eta lana ezagutarazteko. Oso eskertuta nago alde horretatik. 

Ikasleek komikiak marrazten Joseba Larratxe azalpenak ematen ari den bitartean.

Azken aldian indartzen ari den sektorea dela erranen zenuke? 

Azkeneko bost urteetan gertatu da euskal komikigintzaren boom moduko bat. 80ko hamarkadaren bueltan euskal komikiak bizi izan zuen momentu nahiko on bat, Ipurbeltz, Napartheid eta horrelako fanzineek eta aldizkariek mugimendu handia sortzen zuten. Hurrengo hamarkadan, bolada txarrago bat egon zen ez dakit oso ondo zergatik, eta azkenengo 10-15 urteetan pixkanaka gorakada bat ikusi da. Atera ziren Xabiroi bezalako aldizkariak eta azken bost urteetan leherketa moduko bat gertatu da. Urtetik urtera euskaraz egindako komikien kopurua bikoiztu egin da. Duela urte batzuk urtean 10 komikitik, gaur egun, urtean euskaraz 100 komiki kaleratzera pasa gara.

Eztanda hori zeren ondorioz gertatu da? 

Alde batetik Xabiroi komiki aldizkariaren urteetako lanari esker, eta bereziki Dani Fano koordinatzaileak egiten duen lanari esker. Horrek lagundu du sortzen inguruko marrazkilarien sektoretxo bat eta gure artean ezagutu eta saretzen lagundu duena. Beste alde batetik,  Eusko Jaurlaritzak komikiak argitaratzeko beka batzuk kaleratu ditu, eta horiek lagundu dute urteak tiraderan pasatu duten komiki pila bat tiraderatik atera eta marrazten. Loraldi gisako bat sortu da, eta jendeak gure komiki hauek oso esker onez hartu ditu.

Loraldiaren barrenean kokatzen ahal da Komikialdian aurkeztuko duzun ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikia. Euskadi Saria irabazteaz gain, gaztelaniara eta katalanera ere itzuli dute lana. Nola etorri zitzaizun proposamena? 

Idazleetako batek, Unai Iturriagak, proposatu zidan komikia marrazteko. Berari enkargua egin zioten Mikel Laboa katedrakoek, eta Harkaitz Cano eta ni proposatu gintuen berarekin lanean aritzeko. Niretzako izugarrizko poza izan zen. 

Mikel Laboaren zalea zara.

Bai, oso zalea. Txikitan gurasoek kotxean jartzen zituzten bere kaseteak, eta bizitza osoan aritu naiz entzuten, eta konturatzen nola niri gustatzen zitzaizkidan rock taldeek egiten zituzten bere bertsioak, eta berriro deskubritzen. Proposatu zidanean garbi nuen egin nahi nuela. 

«Euskal kulturari harri ttiki bat gehitu dion lan bat egin dudala sentitzen dut»

Joseba Larratxe Berazadi

Nolakoa izan zen komikia marrazteko prozesua? 

Katedrari bururatu zitzaionetik bukatu genuen arte 4 urte pasa ziren. Behin idazten hasi zirenean, nik marrazten pare bat  urte pasa nituen, ia esklusiboki lanean horretan. 

Arraroa da bi urtez marrazteko aukera izatea ekonomikoki.

Bai, dudarik gabe. Gertatzen da sarritan komikilari batzuk izaten dutela pasio proiektu bat eta pasa ditzaketeeela bost urte komiki bat marrazten euren denbora librean. Baina hori ez da modua. Kasu honetan zorteko egon gara, lortu dugulako katedrak modu ekonomiko duinak jartzea, baita Jaurlaritzaren diru laguntzak lortzea, eta modu duin batean finantzatu ahal izan dugu. Nik uste dut euskaldunok merezi dugula horrelako figura bati buruz egindako komiki bat modu duin batean egina. 

Zer eman dizu komikia egiteak? 

Hasteko, Harkaitzekin eta Unairekin lan egin ahal izatea. Beraiekin lan egin ahal izatea oso aberasgarria izan da, pila bat ikasi dut, eta esan dezaket orain bi lagun gehiago ditudala. Beste alde batetik eman dit aukera sentitzeko egin dudala lan bat euskal kulturari harri ttiki bat gehitu diona. Izan da aukera bat Laboaz berriro hitz egiteko, bere figura berriro jartzeko mahai gainean eta iruditzen zait horrelakoak behar ditugula. Memoria ariketa bat izan da, ez bakarrik Laboaz, Ez dok Amairuz… gauza askoz hitz egiten duen komikia da. 

Nolako aurkezpena izanen da? 

Ari gara begiratzen ea musika pixka batekin jantzi dezakegun. Horretaz  gain, jendeak ikusten ahalko ditu komikiaren barrunbeak. Hori gustatzen zait erakustea aurkezpenean; erakusten ditut bozetoak, dokumentazioa, argazkiak…. Normalean komikietan ikusten ez den aldea da, pelikula baten making off-a ikustearen gisakoa.

Ikasleek egindako lanak ikusteko aukera izanen da

Komikialdiaren barrenean, Joseba Larratxe Berazadi Berako ikastetxeetan komikigintzari buruzko ikastaroak egiten aritu da azken egunetan. LH 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin elkartu da, eta talde bakoitzean 90 minutuko tailer bat eman du. Bertan, bere ibilbidea azaltzeaz gain, komiki bat egiten hasi dira ikasleak. 

Larratxeren bisitaren ondotik, komikian lantzen aritu dira ikastetxeetan bertako irakasleekin, eta  behin komikia bukatuta, herritarrek horiek ikusteko aukera izanen dute. Euskal Irudigileen Elkarteak paratuko erakusketarekin batera erakutsiko dituzte ikasleen marrazkiak.

Erakusketa Kultur Etxean paratu dute ikusgai, eta maiatzaren 10ean eta 17an 16:30etik 18:30era eta 11n eta 18an 11:00etatik 13:00etara ikusteko aukera izanen da, doan. 

Maiatzaren 9an, gainera, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikia aurkeztuko du Larretxek herritarren aitzinean. 18:30ean Beralandeta aretoan egin dute hitzordua. Aurkezpenean musika doinuak ere aditzeko aukera izanen da; Petti eta Estitxu Pinatxo abeslari herritarrak ariko dira kantuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun