Harrera beroa izan du Leitzan 'Magaletik Amalurrera' proiektuak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 26a, 17:00
'Magaletik Amalurrera' proiektuaren aurkezpena Leitzako Herri Aretoan egin zuten.

Haurrak naturara hurbiltzeko asmoz, Magaletik Amalurrera proiektua jarri dute martxan Leitzako Itzaire Haur Eskolan. Eguraldia edozein delarik ere, kanpora atera dira eta hamabostean behin autobusa hartu eta basora joan dira. Prozesu guztia dokumentatu dute eta argazkiekin erakusketa jarri zuten ikusgai apirilaren 9tik 13ra eta proiektuaren jendaurreko aurkezpena egin zuten apirilaren 17an. Itzaireko hezitzaileek «bihotzez eskertu» nahi diete herritarrei egindako harrera beroa.

TTIPI-TTAPA aldizkarira bidali duten idatzian halaxe adierazi dute: «Jaso duguna ikaragarria izan da, hunkigarria. Erakusketara etorri diren pertsonak beraien haurtzarora egin dute bidaia, oroitzapen ederrak gogoratuz, zenbat istorio eder». Proiektua aurkeztu zuten eguna ere, «oso hunkigarria» izan zela azaldu dute, «denok haurren une magikoez gozatzeko aukera izan genuen».

Esker hitzak dituzte, «jendeak emandako berotasuna ikaragarria izan da». Hala, proiektuarekin aurrera jarraitzeko «inoiz baino indar handiagoarekin» daudela diote: «jarrai dezagun bizitza aukeratzen, herriaren eskutik helduta, gure haurrek hemendik aurrera ere,  Amalurra etxe egin dezaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun