Euskal Herri osoko bolleren topalekua izan da Leitza

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 30a, 12:30

Euskal Herriko Bollo topaketak egin dituzte Leitzan apirilaren 26tik 28ra eta parte hartzaileen hitzetan: «jendetsua, polita, anitza eta oso aberasgarria» izan da bertan bizitakoa. Askorako eman du asteburuak: hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, festarako tartea… denetarik izan dute. Bollerek munduari begiratzeko behar dituzten estrategiei buruz hitz egiteko espazio bat eraiki dute. Saretzea bilatu dute, komunitatea sortzea eta bollerismotik munduari nola aurre egin bilatzea.

Ostiralean afari autogestionatuarekin hasi zituzten topaketak eta eskolako jangela bete zen. Batzuk egunpasa joan baziren ere, gehienak asteburu osorako hurbildu ziren Leitzara: «itxiera ekitaldian 200 kidetik gora baginela esanen nuke».

Adin guztietako bollerengana iristeko ahalegina egin dute antolatzaileek eta badirudi lortu dutela, «jende gazte asko, baina 30-40 urte artekoak ere asko izan dira. Duela 40 urte Euskadiko lehenengo topaketetan parte hartu zuten batzuk ere bertan izan dira eta polita izan da 60 urteko kideak asteburu osoan bertan izan direla ikustea».

 

Mota askotako ekintzak egin dituzte hiru egun horietan: hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak… eta gune guztiak nahiko beteta egon direla diote: «jendearen balorazioa oso positiboa izan da. Zaila izan da nora joan aukeratzea». Hori posible izateko, auzolana ezinbestekoa izan dela nabarmendu dute: «autogestioan oinarritutako topaketak izan dira».

Larunbatean kale ekintza berezia egin zuten Leitzako bollerekin antolatuta eta herriko hainbat istorio gogoratu eta herriko bollerei aitortza egin zieten. EHGAMek egiten duen Urrezko Hiruki Sariaren banaketa ere egin zuten eta 1983. Urtean Zamalbiden (Oreretan) egin ziren Euskadiko Lesbianen I. Topaketetan egondakoak saritu zituzten.

Antolatu duten egitarauarekin ahalegin handia egin dute bollera subjektu politiko bezala kokatzeko. Harrera oso ona egin diete Leitzan eta udalaren eta bertako eragileen aldetik babesa eta laguntza jaso dutela nabarmendu dute. Hala ere, aipatu dute «espero genitzakeen erresistentzia eta zurrumurruak sumatu» dituztela eta badakitela «deserosotasuna sortu» dutela pertsona batzuengan. Horrek arrazoia ematen du borrokan segitzeko».

Balorazio sakonagoa bi aste barru eginen dute. «Nekatuta baina gogoz eta motibatuta» bukatu dituzte topaketak eta  hala diote: «seinale ona da igandean inork etxera joateko presik ez izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun