Ehunka lagun bildu dira Iruñeko karriketan Nafarroarentzat elikadura subiranotasuna eraiki dadin eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 29a, 20:00

Ehunka lagun bildu ziren larunbatean Iruñean, agroekologiaren aldeko manifestazioan. Argazkiak: Jaxin G. Viniegra/Mundubat

12 nekazaritza-entitatek deitu dute larunbateko martxa, eta kontsumo arduratsuko ekimenek, talde ekologistek eta lurraren aldeko taldeek, feministek, gobernuz kanpoko erakundeek eta tokiko entitateek babestu dute, bertzeak bertze. Martxak hiriburuko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu, Baluartetik Gazteluko plazaraino

Ehunka pertsonak manifestazioa egin zuten Iruñeko erdigunean, apirilaren 27an, larunbat arratsaldean, Nafarroan benetako elikadura-subiranotasuna aldarrikatzeko. Eskala txikiko ekoizpen-eredua desagertzen ari dela salatu zuten, «eredu dibertsifikatua eta agroekologikoa da, hurbileko biztanleentzat elikagai osasuntsuak ekoizten dituena eta zaintzen dituena lurraldea, ondasun naturalak, landa-mundua edo tokiko kulturen ezagutza».

Baserri bakoitzean hiru zerri izatetik, esplotazio bakoitzean, banaz bertze 3.200 zerri izatera

Zerrien kasuan, erraterako: 1960an, Nafarroan 90.000 txerri zeuden, 30.000 familiarenak ziren, 3 txerri, bataz beste, etxe bakoitzeko-, gehienak aire zabalean bizi ziren, lurretik ateratako baliabideez elikatzen ziren eta tokiko biztanleak elikatzeko erabiltzen ziren. Gaur egun, ordea, 700.000 txerri bizi dira 220 esplotaziotan -batez beste 3.200 txerri nekazari bakoitzeko-, gehienak esportaziora bideratuak. Txerri horien % 99 etengabe ukuiluan daude, eta, gehien bat Latinoamerikatik inportatutako sojarekin elikatzen dituzte.

Eredu intentsibo horrek inpaktu larriak eragiten ditu landa-eremuan, ingurunean, baliabide naturaletan (purinek kutsatutako ura eta lurzorua, adibidez) edo kliman, baina baita abeltzainengan ere, horiek behartuta baitaude etengabe haztera eta zorpetzera, biziraungo badute; horrela, txikiak desagertzen ari dira eta gero eta enpresa handiagoetan kontzentratzen ari dira, eta enpresa horietan lan egiten dutenen esplotazioa (aunitz migratzaileak) gero eta handiagoa da. «Caparrosoko Valle de Odieta enpresaren behitegia izebergaren punta baino ez da, eta makrogranjen eredu hori Nafarroako, Estatuko eta Europako Gobernuaren funts publikoen laguntzarekin zabaltzen ari da», jakinarazi dute.

 

«Ekoizpen txiki dibertsifikatuak desagertzen ari dira»

Nekazaritzan, ekoizpen txiki dibertsifikatuak desagertzen ari dira, eta monolaborantzak handitzen, lurraren kontzentrazio gero eta handiagoarekin. Gaur egun, Estatuan, ustiategi bakoitzeko azalera handiena duen laugarren erkidegoa da Nafarroa. Azken urteotan, pestiziden (eta bereziki herbiziden) erabilerak hazkunde handia izan du, eta 5 aldiz biderkatu da tratatutako azalera.

Nekazaritzaren errentagarritasun falta nekazaritzaren sektorean berriki egin diren mobilizazioen iturri izan da, eta azken hamarkadetan planetan aplikatu diren merkataritza askeko eta globalizazio ekonomikoko politiken emaitza da. Urteak daramate politika horiek salatzen, mundu osoko nekazariak gutxitze dramatikoaren eta Lurra suntsitzearen kausa baitira. Nafarroan nekazaritza sektorea erdira murriztu da azken 20 urteotan, eta egunez egun desagertzen jarraitzen du.

Bertzalde, hamarkada batzuetan, «autokontsumorako elikadura izatetik munduko edozein tokitatik etorritako produktuekin elikatzera igaro gara, horretaz batere jabetu gabe. Pertsonekin gertatzen ez den bezala, produktuei ez zaie migratzeko mugarik ipintzen. Gizartearen eta ingurumenaren krisi gehienen arrazoia da nekazaritzako elikagaien sistema industrial globalizatu hau, bidenabar esanda, agronegozioak eta banaketaren multinazionalek zuzendua».

Horrela, elikagaien banatzaile handiak dira ekoizleak itotzen dituen bertze katebegi bat. «Beharrezkoa da merkataritza libreko akordio guztiak geldiaraztea eta merkatuak arautzea, ekoizleek bidezko prezioak kobratuko badituzte. Ezinbestekoa da 180 graduko bira bat ematea elikagai eta nekazaritza politikei; baina, azken asteotan, agroindustriak egindako presioak atzera bota ditu PAC berriari lotutako estrategietan lortu ziren aurrerapen txikiak».

 

Nafarroako Elikadura Subiranotasunaren aldeko Manifestua

«Elikadura subiranotasunean eta akgroekologian oinarritutako eredurako trantsizioa» da alternatiba, «planetaren muga fisikoetara egokitua, eta ekoizleentzat eta kontsumitzaileentzat bidezkoa izanen dena». Ildo horretan, Nafarroako Elikadura Subiranotasunaren aldeko Manifestua egin dute (Interneten eskura duzue), proposamen ugari jasota.

 

Besteak beste, honako hauek eskatzen ditugu:

- Esplotazio industrialak eredu agroekologiko baterako urratsak suspertzea, prestatzea eta laguntzea; eredu horri lehenesteko, PACaren laguntzak modu justuan birbanatzea.

- Abeltzaintza industrialeko ustiategi berririk ez baimentzea, eta daudenak ez handitzea; egungoak % 50 murriztea 2030 urterako.

- Erdira murriztea plagiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera.

- Lurraren % 25, gutxienez, tokiko kontsumorako ekoizpen ekologiko bihurtzea 2030erako.

- Aztarna hidriko txikia duen tresneria eta erabilera bultzatzea, horrela, ureztatze-sistemen zabaltze irrazionala geldiaraziz.

- Tokiko produktuak eta produktu ekologikoak merkaturatzeko bide laburrak eta erosketa publikoa sustatzea, ekoizpen txikiak babestuz.

- Higiene- eta osasun-araudia eskala txikiko ekoizpenetara egokitzea eta eraldaketa kolektiboko azpiegiturak sustatzea.

- Gobernantza Parte-hartzailerako Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua sortzea, inplikatutako eragile guztiekin.

- Nekazaritza lurrak babestea, energia, erauzketa, garraio edo hirigintza arloko makroproiektuen aurrean.

Azkenik, kontsumitzaile zareten aldetik, eskatzen dizuegu eredu horren alde egin dezazuela; nola? zuzeneko salmentako merkatuetan edo saltoki txikietan erosiz ekoizpen txikietan egin diren bertako produktu agroekologikoak.

Trantsizio agroekologikoa egiteko, orain inoiz baino beharrezkoa dugu landa-eremua eta hirien arteko aliantzak eraikitzea, baita lurra zaintzen duten ekoizleen, kontsumitzaileen, tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak sustatzen dituzten erakundeen eta gizarte osoaren arteko aliantzak ere, gure etorkizuna eta elikadura aliantza horien mende baitaude. Zuen zain gaude bide hau eraikitzeko, elkarrekin indartsuagoak baikara!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun