Katalin Antxia

«Saltzeko produktuak berriz prest izan arte hilabeteak joanen dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 4a, 09:00

Katalin Antxia Sarako atelierrean.

Katalin ANTXIA ABASOLO, moda diseinatzailea

Diseinatzailearen Sarako atelierrean lapurrak sartu ziren duela aste batzuk eta «sorkuntza lan guztiak» eta «lanerako materiala» ebatsi zizkioten. Horri buelta eman nahian kanpaina hasi du.

Egoerari buelta eman nahian ari da Katalin Antxia Abasolo moda diseinatzailea, berak dioen bezala, «kanpaina kudeatzen, atelierra txukuntzen eta berriz lanean hasteko pausoak ematen». Kolpe handia hartu zuen duela aste batzuk Saran duen atelierrean lapurreta egin ziotenean, baina konbentzituta dago bere lanak «salbatuko» duela eta horretan ari da buru-belarri. 

2013tik jantzigintzan

Aretxebaletakoa (Gipuzkoa) da sortzez, eta Bilbo, Trieste (Italia), Bordele (Frantzia) eta Poitiers (Frantzia) hirietan ibili ondotik, duela bortz urte lur hartu zuen Saran. Hantxe bizi da geroztik, eta lanerako txoko kuttuna ere hortxe eraiki du. Komunikazio eta moda ikasketak egindakoan, kazetaritzan, kulturgintzan eta irakaskuntzan aritu zen lanean, eta 2013an jantzigintzan murgildu zen, hori baita «nire pasioa».

Modu Bat markarekin hamar urteko ibilbidea egin zuen hastapenean, eta Athora Manthara sortu zuen ondotik: «Athora gizonezkoen alkandora da eta manthara emakumezkoena. Gure kulturarekin arrunt lotuak dauden jantziak izaki, klasizismotik moda garaikideago batera egindako saiakera dira nire diseinuak». Kontatu duenez, «oihal naturalak» erabiltzen ditu eta «irauteko sortzen ditut jantziak. Niretako baitezpadako baldintzak dira». 

Martxoaren 21ean lapurreta egin zioten atelierrean.

Galera handia

Martxoaren 21ean, hankaz goiti utzi zioten proiektua: «Hainbat lapurreta egin zituzten Saran, eta tartean, nire atelierrean». Kolpe handia izan zen: «Aste Saindurako ate irekiak prestatuak nituen atelierrean. Jende aunitz etortzen zait garai horretan Hegoaldetik, eta justu bezperan, etiketa eta guzi finituak, saltzeko prest nituen 60 bat pieza ebatsi zizkidaten». Gehiago ere bai: «Diseinurako erabiltzen dudan ordenagailu pertsonala, patroiak, argazkiak, ikastaldietan saltzeko izaten ditudan makinak... Horiek ere hartu zituzten». Antxiak aitortu du «galera handia» izan dela eta zenbakiak ere eman ditu: «20.000 euro jantzien salmenta prezioa eta lanerako materiala kontuan hartuta».

«Garbi ikusi nuen lanak salbatuko ninduela»

Diru bilketa

Hala ere, ez dago geldirik egoteko, eta aitzinera egiteko kanpaina bat prestatu du. «Gertaeratik burua altxatu nuenean garbi ikusi nuen lanak salbatuko ninduela». Eta hala, diru bilketa kanpaina hasi du laguntza bonuen edo opari txartelen bitartez. «Bonu horiek niretzat etorkizuneko lana dira», aipatu du.

25, 50 eta 100 euroko bonuak prestatu ditu eta athoramanthara.com atarian paratu ditu eskura. Eta horiekin zer? Bada «orain ordaintzen dutena hurrengo erosketan edo atelierrean ematen ditudan ikastaldietan deskontatuko diet». Gaineratu duenez, «aitzindutako diru poltsa horrek berriz ere materiala erosi eta hilabetetako gastuei aurre egiteko balioko dit. Eskulana ez baita egun batetik bertzera egiten. Hilabeteak beharko ditut berriz ere saltzeko produktuak prest eduki arte».

Bide batez, bere lanak berak bakarrik saltzen dituela ere nabarmendu du: «Athora Manthararen salmenta puntu bakarra ni naiz. Norbaitek nire jantziak bertze lekuren batean salgai ikusten baditu, garrantzitsua litzateke abisatzea. Ez niri egin didatenagatik bakarrik, baita etorkizuneko ebasketak saihesteko ere».

Kanpaina esku artean «bonuak erosi dituen jende guziari athora edo manthara egitea» izanen du ondoko hilabeteetako erronka Antxiak. Horrez gain, uztailean Aretxabaletan ikastaldiak antolatzeko asmoa duela ere adierazi du, baina horren gainetik, «sortua dudan komunitateari erakusten didan berotasuna itzuli» nahi die. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun