Jende ugari bildu da Areson taberna eta denda faltari irtenbidea bilatzeko deitutako bileran

Ttipi-Ttapa mai 17, 18:30 Leitzaldea   Areso

Taberna, denda eta okinik gabe gelditu ondotik, egon daitezkeen irtenbide posibleez hitz egitea zen maiatzaren 16an egin zuten bileraren helburua. Herritarren egunerokoan eragin zuzena duten gaiak dira eta bete egin zen udaletxeko batzar aretoa. Udaleko ordezkariek gaiari lehentasuna emateko konpromisoa adierazi eta herri kooperatiba bat sortuta taberna-denda bat irekitzeko proposamena jarri zuten mahai gainean. Herritarrekin eta udal ordezkariekin batera, proiektu honetan bidelagun izan daitezkeen hainbat eragile gonbidatu zituzten. Cederna Garalur Elkarteko Mendialdeko teknikariak, Beñat Irasuegi Olatukoop eta Lander Urritza Bakaikuarrok proiektuko ordezkariak bertan izan ziren landu daitezkeen bide desberdinak azaldu  eta antzeko esperientzien berri emateko.

Leitzaldean pediatra orain taldea
«Astean bitan pediatra izatea ez dugu aurrerapausotzat hartzen»

Ttipi-Ttapa mai 14

«Berriak nahiko hotz utzi gaitu; mesfidantzaz hartu dugu». Halaxe idatzi dute sare sozialetan Leitzaldean Pediatra Orain taldeko kideek. Atzo jakin zuten, maiatzaren 16tik aurrera, astean bitan, pediatra izanen dutela Leitzako Osasun Etxean. Albistea ez dela txarra diote, «gure haurrek astean bitan begiratuak izateko aukera izanen dutelako. Haur gutxik, hori bai», baina taldekideen ustetan neurria berandu heldu da eta hanka motz gelditzen da: «ez da bost hilabete eta gero merezi dugun erantzuna. Albistea eman duten modua ere ez da merezi duguna izan».