Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatzeko karrikara aterako dira gaur Beran eta bihar Elizondon

Ttipi-Ttapa mai 06, 11:30

Ortziralean Donibane Lohizunen izandako hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Berako Goldatz talde feministak gaur. Mukixu zubian elkartuko dira 19:00etan 'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean. Baztango Mugimendu Feministak, berriz, bihar eginen du elkarretaratzea, 19:00etan Elizondoko plazan.

Kopako finalerako sailkatu da ustekabean gizonezkoen Erreka eskubaloi taldea

Ttipi-Ttapa mai 06, 08:00

Denboraldiko partida guztiak irabaziak zituen BM Loyola menpean hartu zuen Donezteben eta maiatzaren 18an jokatuko du finala Donezteben BM Ardoiren kontra 

Garaipen handia lortu zuen larunbatean Errekako gizonezkoen eskubaloi taldeak Donezteben. Kopako finalerdian ligako lauko finaleko finalerdiko arerio bera zuen, denboraldiko partida guzti-guztiak irabaziak zituen BM Loyola. Baina Donezteben amore eman behar izan zuen larunbatean, Doneztebeko kiroldegiko harmailak betetzen zituzten zaleen gozamenerako. Maiatzaren 18an jokatuko dute finala Donezteben Errekak eta Zizurko BM Ardoi taldeek. Gainerakoan, futbolean eta errugbian denetariko emaitzak izan dira asteburuan. Futbol talde nagusien artean, Baztanen garaipenak igoera promozio postuetan sartzea ekarri dio, denboraldian lehen aldiz, hiru partida falta direnean. Doneztebek ere irabazi egin zuen, baina Beti Gazteko gizasemeek nahiz emakumeek, Gure Txokoak, Aurrerak eta Baztango erregionaleko taldeak galdu. Errugbian, txapeldun izateko lehen kanporaketako itzulerakoa ere galdu egin du BRT Menditarrak taldeak eta akitutzat eman du denboraldia. Sarako Izarrako gizasemeek, aldiz, Okzitanian irabazi eta Frantziako txapelketako final hamaseirenetarako sailkatu dira.